Agurainek 2025erako aurrekontuak onartu ditu aho batez
2024/11/29
Udal Gobernu taldeak 150.000 euroko balioa duten zuzenketak onartu dizkio oposizioar.
Berrikuntzen artean, Senda Langarika plaza eta Magdalena auzoa urbanizatzeko lanak nabarmentzen dira.
Agurain 24-11-29. Aguraingo Udaleko Osoko Bilkurak 2025 urterako kontuak onartu zituen atzoko osoko bilkuran aho batez. Guztira, aurrekontua 12 milioi eurokoa da, hau da, aurreko ekitaldiko hasierako aurrekontua baino % 22,6 gutxiagokoa. Jaitsiera horren arrazoi nagusia da kiroldegia birgaitzeko lanen kontsignazioa 2024ko kontuetan kontabilizatzen dela. 2025. urterako aurrekontuak 623.628 euroko aurrezki garbia du.
Aguraingo alkate Raúl López de Uraldek azaldu duenez, "proiektu asko ditugu martxan, baina gure lehentasunak etxebizitzan, zaintzan eta trantsizio energetikoan kokatzen ditugu; zehazki, 2025ean, kirol gune berriaz gain, gazteentzako alokairu sozialeko 13 etxebizitza ere eraikiko dira Bustamante jauregian, Harresi auzoan kokatuko den adinekoentzako Eguneko Arretarako Landa Zentro berria eraikiko dugu eta biomasaren bidezko bero-sarea ere martxan jarriko dugu, zeinak ur beroa eta berogailua emango dituen eskola-eremura eta osasun-zentrora".